top of page

Araitz vs. Bunda

Estherrek proiektu honetan parte hartzeko aukera eskeini zidanean, zirrara handi bat sentitu nuen nire barrenean, emozio handia, nirekin sortu nahi izanagatik; aldi berean, amildegi baten ertzean zaudenean azaleratzen den bertigoa barru-barrutik sentitu ahal izan nuen, ez bainekien beldur eszenikoa gainditzeko gai izango ote nintzen Bunda-ren, antzezlanean interpretatzen dudan pertsonaiaren, azalean jartzerakoan. Baina heriotza bidelagun izan dut nire bizitzan zehar, eta horrek benetan bizitzea zer den irakatsi dit uneoro. Hiltzeak jaiotzera bultzatzen gaitu eta alderantziz.


Lagun eta senide asko agurtu ditut, beraz, horrek zorionez, jende asko bere azken orduetan laguntzeko aukera eman dit. Dolu horien oinazeak eta persona hauen pasaeran beraien ondoan egon izanak modu konszieteago batean bizitzen eta nire buruarekin zein besteekin zintzoago jokatzen erakutsi dit.


Heriotza ez da soilik fisikoa, egunero jaio eta hil egiten gara; gauero, lo sakonean sartzen garenean, egunari amaiera eman eta hil egiten gara modu batean hurrengo goizean esnatu eta berriro birjaiotzeko. Loaren REM fasean (ametsak izaten ditugun momentuan) gorputzaren frekuentzia oso baxua da, jakin gabe, heriotzetik oso hurbil egoten gara gauero. Eta tarte horretan, gure gorputza garbitu eta berritu egiten da. Goizero, begiak irekitzen ditugun bakoitzean, egun berri baten aurrean, birsortu garela ikus dezakegu eta guk osatzen ahal dugu gure eguna nahi dugun eran eta nahi dugun jarrera aukeratuta.

Heriotzak momentu bakoitza gozatzen eta benetan bizitzen irakasten dit egunero, uneoro; bizitza bera kenduta, dena iragankorra dela erakusten ari zait, Mor-ek (Bunda pertsonaiaren kontzientziak) errango lukeen bezala, “bizitzak beti dirau”.


Oinazea oso sakona denean eta nola kudeatu ez dakigunean, sufrimendu bihurtzen da, eta hau gure zeluletan txertatu egiten da. Erraietatik datozen emozioei irtenbiderik eman ezean, eta gure itzala besarkatu ezean, min horrek iluntasunean ito eta itsutu egiten gaitu; une horretan oso zaila zaigu bizitzak duen edertasuna ikustea eta askotan gaixotu egiten gara, sufrimenduak toki guztia hartzen baitu halakoetan, ez dugu haratago ikusterik.

Izaki guztiek, salbuespenik gabe, bizitzaren bidea egiteko tresneria guztia dakargu. Bizitzari konektatuta, nire esentziaren bertsiorik onena izateko jaso dudan tresna edo dohaina artearen erabilera da. Arteak, emozioak eraldatzeko gaitasuna izateaz gain, zubi lanak egiten ditu, izaki guztien artean komunikabide bilakatuz eta sareak sortuz. Berez, denak gara sortzaileak, baina norberak bere bidea darrai eta munduari eskeintzera etorri dena aurkitu behar du bere bizitza osotasunean bizi nahi badu behintzat. Zure bidearen helburua argi duzun unean, bizitzak bere zentzu zabalean, beraz, baita heriotzak ere, zentzu osoa hartzen du eta orduan gai gara edozein gauzaren edertasuna antzemateko.


Ikuskizuna behin eta berriro egin ahala, orduan eta modu zintzoagoan bizitzen ikasten ari naiz, barneko beharrei arreta jarriz, beldurrei esker sortzen ditugun babesak kentzen lagunduz, eta funtsean garen egiazkotasuna bilatuz.

Norbera etengabe berraurkitzea oso aberasgarria da; honez gain, besteekin partekatzea itzela da eta musikaren, poesiaren eta Estherren eskutik mezua zabaltzea zoragarria da.



Heriotza hurbiletik begiratzeak modu osoagoan bizitzen erakusten digu. Heriotza bera, pasaera motz bat dela ulertuko bagenu, bizitza bere osotasunean bizitzeko gai izango ginateke. Benetan bizitako bizitza inguruko lagunen inspirazio bihur liteke, euren bideak modu erreazagoan eta osotasunean ibiltzera bultzatuz. Egiazki bizitako bizitzak emango digu hiltzeko unean bakea, ezer bukatzeke utzi gabe, ematera etorri garena entregatua izan dela erran nahi baitu horrek.


Ez dut hitzik, bihotzetik atera eta zuzenean bihotzera doan magiaz betetako ikuskizun xume bezain eder honen sortzaileetako bat izatearren sentitzen dudan esker ona adierazteko.

Eskerrik asko, Esther, nigan jarri duzun baldintzarik gabeko konfiantzagatik, batez ere, nik neuk nere buruarekin izan ez dudanean, zure bizipozarengatik eta inguruan dagoena hobetzen ematen duzun denboragatik; ta batez ere zure bihotz handi, eder eta emankorrarengatik.




1 view0 comments

Recent Posts

See All
bottom of page