top of page

Esther vs. Mor


2017. urtearen amaieran, gure aitari lau hilabete gelditzen zitzaizkiola esan zioten nire ahizpari. Berari, ordea, ez zioten deus ere erran. Medikuek gure aitari bere egoeraren inguruko egia azaldu behar ziotela adostu genuen anai-arreben artean, bera hiltzeko presta zedin. Horrela egin genuen eta gure aitak nahiko ongi onartu zuen. Guri, ordea, gehiago kosta zitzaigun. Ni haserre, triste eta beldur nintzen, ez nekien zer egin.

Horrelako esperientzia dexente bizi izan dituen lagun batek, Mallorkan, bertako onkologo batek eman zuen hitzaldiaren bideoa gomendatu eta bidali zidan. Honek asko lagundu zidan eta aukera berriez beteriko eta elkarlanean oinarrituriko bide berri bat ikustatzen hasi nintzen. Aita kontzienteki laguntzeko gai izan ginen. Nire bizitza osoko garairik gogorrena ez ezik, ederrena ere izan da.


Edertasuna funtsezkoa denaren eskutik etorri zen. Gogortasuna, aldiz, erresistentzien eskutik. Gizarte bezala, heriotzaren prozesuarengandik oso urrun gaudela ikusi ahak izan nuen. Nola egin dugu errealitate honi bizkarra emateko? Bizitza gurea balitz bezala bizi gara eta horrek hiltzeko unean galduko duguna pentsatzera eramaten gaitu. Baina bizitza ez da gurea. Gu bizitzaren parte gara, ez alderantziz. Honen inguruko gogoetak, heriotzarekiko sentitzen nuen beldurra galtzen laguntzeaz gain, bizitzarekiko sentitzen nuena ere gainditzen lagundu zidan.


Aitaren heriotzaren ondoko hilabeteetan, nire bihotzean antzerki-gidoi bat garatzen hasi zen. Idatzi egin nuen eta hainbeste lagundu zidan lagun honi, elkarrekin ikuskizun bat sortzea proposatu nion. Berak baiezkoa eman zidan. Bera Araitz da. Horri esker bizi da PASAERAN, BARKATU ERAGOZPENAK


Bizipen hau nire pailazoaren eskuetan uztea opari bat izan da. Eta nire pailazoak publikoari ematea, emanaldi bakoitzarekin handituz doan opari hare ederragoa.


Komunikatzeko ekintza bat, bizitzaren adierazpena; horrela ulertzen dut nik antzerkia. Eta antzerkia, bizitzaren antzera, talde-lanean sortzen da, elkarlanean, elkarrekiko mendekotasunean.

Talde-lanak aberastu egin du, hasiera batean, maitasun malkoetatik, oinazetik eta edertasunetik sortu zen gidoi/hazia.


PASAERAN, BARKATU ERAGOZPENAK talde-lanean sortutako ikuskizuna da. Gehien hunkitzen nauena, laitasun osoz senti dezakedala proiektua ez dela nirea, ni naizela bere baizik.


Eskerrak eman nahi dizkiot:


Araitzi, itxura guztien kontra, baiezkoa emanagatik.

Ramoni, zure begirada maitakorra eta irizpide argiengatik. Mila esker zure olerki sakon eta ederrengatik.

Ricardori, Mariari eta Bertari, Tollon egin zeniguten harrera eskuzabalari esker proiektu hau egitea bagenuela ikusi genuelako.

Davidi, bere zarataren eduki-ontzian (Contenedor de Ruido) ikuskizunaren musikaren grabaketa bideratzearren.

Adrianari, Anari, Beñati, Jessicari, Ramoni eta Miren Aingeruri, zuen ahots ederrak ikuskizunaren zati bat izaten uztearren.

INHÓSPIT Mostra de Noves Dramaturgies La Mola-Formentera-ko lantalde osoari, espresioari azaleratzen uzteko espazioa uztearren.

Mariajeri, zure begiradaren koloreak agertzeko duzun modu anitzengatik.

Oierri eta Monikari, Katubi bi baino gehiago delako.

Kaskabel ekipoari, zuen argia eskeintzeagatik.

Berako Kultur Etxeari eta Rauli, eskolentzako emanaldiak egiteko gunea eta aukera ematearren.

Oihanari, proiektuan sinistearren eta hau ekoizteko sartzen ausartzearren.

Sortze-prozesuan sartzen jakin dugun konfiantzari.



1 view0 comments

Recent Posts

See All
bottom of page